XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, gauza garbia da - hots, zikina eta zapoa - Monarkia ilustratuon jokabidea, eskolen desarroilorako batez ere ondore katastrofalak izango bait ditu.

Bide guztiak on zaizkie gaztelania ez beste hizkuntzak itotzeko eta zanpatzeko, basakeria bezainbat ziraunkeria eta marrukeria eta azpijoko xuria, las medidas mas templadas y disimuladas, para que se note el efecto, si qe se note el cuidado.

Aparato ederra zeukaten, eduki ere, eta burgesia manukor adiguritsu morroikorrena esku-makil, beren asmoak ongi betetzeko, nahi bazuten gogor eta nahi bazuten ipurzuri, gaztelania bazter guztietan sarrerazteko, Inperioko mintzaira inperiala (maqosamente ir introduciendo la lengua castellana en aquellos pueblos).

Euskadin, konkretuago Nafarroan, 1778ko auzi batean aipatzen dira, jadanik, euskara itotzen eta gaztelania zabaltzen ari diren maisuak, no sólo a los niños prohiviendoles el bascuenz si no es a todo el mundo.

Baina eskolek aipu bat aparte merezi dute.

Administrarigoko zomorroak eta probintzietako mamorroak, klerikoak, jaunak, jauntxoak eta jaun-nahitxoak, handiak eta handi-ustekoak, berehalaxe makur-makurtuko zaizkio Zerorren Maiestate duinaren borondate graziosari, handik aurrera hizkuntza dotore bakarra gaztelania dela debotoki errezatuz.

Horrela, kalea berehalaxe gaztelaniartzen da.

Burgesia, bere ordua jo baino lehen, noizbait izango den klase gidari ekintzale bizkor eta eragile hura izatera heldu baino askoz lehenago gaztelaniartu da, Monarka ahalguztidunaren onginahi eta mesede apetatsuetatik zintzilikario zebilela oraindik, txorimalo baten antzera haizetan.

Bere interesek eta indarrak baino gehiago bere ahuleriak eta zurikeriak eta labankeriak dute gaztelaniartu, goikoen gustua derrigor egin nahita.

Gaztelaniarpena ez da burgesiaren potentziaren emaitza, inpotentziaren ondorio baino.

Monarkiari arrimatzen zaion burgesia mengel baten azaina da.